BILDUMA HIZTEGIA

sexu-lan (eu)

Alorra: SEXUALITATEA ETA UGALKETA



Ordain bat jasotzearen truke sexu-harremanak izatea. Legez kontrako jarduera da herrialde askotan, eta, batzuetan, heriotzarekin zigortzen da; legezkoa den kasuetan, prostituzioan jarduteko baldintzak aldatu egiten dira herrialde batetik bestera. Nagusiki emakumeek jarduten dute prostituzioan.
Mugimendu feministaren barruan bi korronte nagusi daude: prostituzioa deskriminalizatzea eta legeztatzea eskatzen duena eta prostituzioa abolitzea aldezten duena. Dena den, posizio horiek ez dira beti argiak edo muturrekoak, eta toki, garai eta testuinguru batean baliagarriak diren argudioak baliorik gabeak izan daitezke beste toki, testuinguru eta garai batean.
Prostituzioa legeztatzearen alde ematen diren argudioen artean, hau da nagusia: prostituzioa sexu-lana da, hau da ordaindutako lanbide bat gehiago, eta emakume askok beren borondatez edo ezinbestean aukeratzen dute lan horretan aritzea; hori dela eta, prostituzioak edozein lanbidek daukan lege-babes bera izan behar luke. Bestalde, argudiatzen dute prostituzioa esplotazio-molde bat gehiago dela, beste askoren artean, eta gorputza saltzeko modu asko daudela (adibideen artean, ezkontza aipatzen dute), adimena saltzeko hainbat modu dauden antzera. Horrenbestez, diote, ez da bidezkoa esplotazio-moldeen artean hierarkiak ezartzea, ezta legezko eta legez kanpoko esplotazio-moldeak bereiztea ere.
Legeztatzearen kontrakoen ustez, prostituzioak emakumeen eta umeen trafikoa, proxenetismoa eta nazioarteko mafien ugaritzea eragiten du; nolanahi ere, ez dituzte proposatzen prostituten kontrako neurri zuzenak, baizik eta bezeroak zigortzekoak. Legeztatzearen aldekoek, berriz, alderantziz ikusten dute: sexu-lana legeztatuta, jarduera horiek gutxitzera joko lukete.


Hiztegi-unitateak