Leiho Morea Elhuyarren ekimenez sortutako kontsulta-baliabide bat da, feminismoaren alorreko euskarazko edukiak biltzen dituena, eta eremu horretako kontzeptuak ulertzeko eta diskurtsoak sortzeko, itzultzeko eta ikertzeko ezinbestekoak diren bi atal ditu: hiztegia (terminoak eta definizioak kontsultatzeko) eta idatzizko zein ikus-entzunezko edukien bilduma edo corpusa (terminoen eta bestelako edukien kontsulta egiteko).
Egitasmo honek bi babesle nagusi ditu: EHUren Berdintasunerako Zuzendaritza eta Deustuko Unibertsitatea. Bestalde, EIZIE elkarteak eta EHUren Euskara Institutuak proiektuaren oinarria zehazten lagundu dute, baita edukiak aukeratzeko irizpideak zehazten ere.
Alabaina, bilduma honen oinarrian edukiak daude, eta, alde horretatik, aipatzekoak dira beren lanak eskuzabaltasunez Leiho Morearen esku jarri dituzten sortzaileak eta eragileak. Batetik, obra idatzien egile eta itzultzaileak eta ikus-entzunezko edukien sortzaileak. Bestetik, argitaletxeak, hedabideak eta bestelako elkarteak: Berria, EHU, EITB, Elkar, Emagin, HamaikaTB, Iñurri Elkartea, Jakin, Katakrak, Susa, Txalaparta, UEU, Argia…
Leiho Morea herritar guztiei zuzenduta dago, edozeini sortu baitakioke arlo honetako hitz baten esanahia argitzeko beharra edo diskurtso feministan kontzepturen bat euskaraz nola erabiltzen ari diren jakiteko nahia. Nolanahi ere, bereziki baliagarria da ohiko jardunean feminismoarekin lotutako edukiak sortzen aritzen direnentzat: mugimendu feministako kideak, kazetariak, idazleak, itzultzaileak, podcast-egileak, unibertsitateko ikasle eta irakasleak, ikertzaileak, berdintasun-teknikariak, politikariak… Bestalde, hizkuntzalariei zuzenduta ere badago, corpusaren atala euskararen azken urteetako bilakaera aztertzeko iturri oparoa baita.
Erabiltzaileak, oro har, bi kontsulta-mota egin ditzake. Hiztegian, hizkuntza bateko termino baten baliokideak aurkitu ditzake beste hizkuntza batzuetan, eta termino horiei dagokien kontzeptuaren definizioa ere irakur dezake. Kasu horretan, terminoak lau hizkuntzatan ematen dira: euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa. Bilduman, berriz, ikus dezake euskaraz sortutako zer edukitan eta nola erabili den termino zehatz bat; hau da, bilatutako terminoaren erabilera errealak ikusiko ditu, beren testuinguruan kokatuta (adibidez, liburu baten pasarte bat).
Hiztegiaren abiapuntua 2020an argitaratutako Feminismoa eta Berdintasuna Hiztegia da. Elhuyarren ekimenez egin zen, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Emakundek babestuta, eta, aditu-talde zabal baten bermea izateaz gain, Euskararen Aholku Batzordearen Terminologia Batzordearena ere badu. Oinarrizko hiztegi sendo bat da, mugarri bat ezarri duena euskal feminismoaren alorrean. Euskalterm datu-bankuan jasota dago, beste hainbat hiztegirekin batera, gizarte-ongizateari dagokion atalean. Leiho Morean txertatuta, hiztegiak ikusgaitasun handiagoa du, eta erabilera-kasu errealak ere eskaintzen ditu. Gainera, eduki-bildumatik erauzitako kontzeptu berriak ere gehituko dira aurrerantzean.
Bildumak edo corpusak feminismoaren alorreko edukiak biltzen ditu, hala idatzizkoak (liburuak, artikuluak, gidak, webguneak…) nola ikus-entzunezkoak (podcastak, hitzaldiak, jardunaldiak…). Euskarazko corpusgintzan, berrikuntza handia da testuez gain ikus-entzunezko edukiak ere gehitzea eta, batez ere, emaitzetan eduki horiek ere erakustea. Beraz, bilaketa-kutxan termino bat idaztean, bilaketa jatorriz idatzizkoak diren edukietan eta bideoetan egiten da; emaitzen artean ikus-entzunezko edukiak ere badaude, bideoa erakustearekin batera horri dagokion transkripzioaren testu-zatia ere erakusten da. Bestalde, corpusen ohiko erabiltzaileek, hizkuntzalariek eta bestelako ikerlariek bilaketa aurreratuagoak egiteko aukera ere badute. Hasiera honetan, corpusa elebakarra da, euskarazkoa. Etorkizunean, corpus elebiduna (euskara eta gaztelania) eta are eleaniztuna sortzeko bidea ere aztertuko da.
Oraingoz, hauek dira bilduman jasota dauden eduki nagusiak. Aurrerantzean ere eragile hauen azken lanak gehituko dira, eta eragile gehiagoren parte-hartzea ere sustatuko da.
Esan bezala, 2020an Feminismoa eta Berdintasuna Hiztegia egin zuen Elhuyarrek. Obra hori Euskaltermen kontsultatu daiteke, eta paperean ere argitaratu zen. Nolanahi ere, Elhuyarrek hasieratik agertu du hiztegi hori kontzeptu gehiagorekin aberasten jarraitzeko asmoa, baita bestelako informazioarekin osatzeko nahia ere, horretarako beharra sumatzen baitzuen inguruan, bai sortzaileen artean, baita, bereziki, itzultzaileen artean ere.
Euskal Herrian bizi-bizi dago feminismoaren alorreko hausnarketa indibidual eta kolektiboa, eta horrek uzta oparoa eman du, eta ematen jarraitzen du. Etengabe sortzen da alor honetako edukia, bai idatziz, liburu, gida, artikulu eta bestelakoetan, bai ahoz ere, askotariko hedabideetan (podcastak, irrati- eta telebista-saioak…) eta han-hemen antolatzen diren hitzaldi eta jardunaldietan. Jende asko eta askotarikoa dabil feminismoaren alorreko testuak idazten: jatorrizko testuak sortzen dituzten emakume feministak, itzultzaileak, mugimendu feministako kideak, erakunde publikoak, politikariak, kazetariak, ikastetxe eta unibertsitateetako irakasleak, ikertzaileak… Horiek guztiak etengabe ari dira elkarrengandik ikasten eta elkar elikatzen, ez bakarrik kontzeptuei dagokienez, baita terminologiari eta idazmoldeari dagokionez ere.
Izan ere, alor orok du nolabaiteko hizkuntza propio bat, terminologiaren eta diskurtsoa eratzeko erabiltzen diren gainerako hizkuntza-baliabideen bidez eraikitzen dena. Baita, noski, euskaraz eta euskaratik garatzen den feminismoak ere. Eta dispertsio terminologikoak ez die batere laguntzen gogoetei; kontzeptuen arteko nahasketa eragiteaz gain, hausnarketa indibidual eta kolektiboa oztopatu eta dibulgazioa eragozten du.
Beraz, ezinbestekoa da idatzizkoan zein ahozkoan feminismoaren alorreko sorkuntza-lan eta gogoetetan erabiltzen ari den terminologia biltzea eta terminoak finkatzeko eta normalizatuz joateko tresnak eskaintzea. Alde horretatik, motz geratzen da oinarrizko hiztegia, eta sortzaileek hori baino tresna aberatsago bat behar dute. Baina ez hori bakarrik; elkar elikatzen jarraitzeko bidea emango dien tresna ahaltsu bat ere behar dute. Baliabide bat esango diena zer erabili den (zer termino), nork erabili duen (zer autore/itzultzailek), non (zer obra/argitalpenetan), nola (zer testuingurutan eta zer baliabide diskurtsiborekin), noiz (batzuetan, terminologia eta idazmoldea aldatu egiten da urteekin).
Leiho Morea feminismoaren alorreko edukiak sortzen eta plazaratzen dituzten pertsona eta eragileei aitortza egiteko modu bat ere bada; alegia, bai diskurtso eta praktika feminista garatzeko bai hizkuntza normalizatzeko egiten ari diren ekarpenaren balioa aitortzeko modu bat. Alde horretatik, berariaz aipatu nahi ditugu beren lana bilduma honetan gehitzeko baimena eta bidea eman diguten pertsonak eta eragileak. Bihoakie hemendik Elhuyarren esker ona.