BILDUMA HIZTEGIA

Journée Internationale des Femmes (fr)

Alorra: FEMINISMOA



Emakumeen eskubideen aldeko borroka gogoratzeko eta eskubide horiek aldarrikatzeko eguna. Martxoaren 8a da.
Egun honen jatorria mugimendu sozialistaren testuinguruan kokatzen da: lehenbiziko ekimena 1909ko otsailaren 28an egin zen New Yorken, Ameriketako Estatu Batuetako Alderdi Sozialistak antolatuta. Urte batzuk geroago, 1917ko martxoaren 8an, Petrogradeko (egun San Petersburgo) oihalgintzako emakume langileek manifestazio garrantzitsua egin zuten Errusiako Inperioko hiriburuan, eta agerraldi hura Errusiako Iraultza piztu zuten ekintza nagusietako bat izan zen. Horren ondorioz, hurrengo hamarkadetan Martxoaren 8a urtero ospatzen jarraitu zen, batez ere mugimendu sozialista eta komunistetan, harik eta 1975ean Nazio Batuen Erakundeak nazioarteko egun gisa ofizialki izendatu zuen arte.
Euskal Herrian 1977an egin zen lehenengo aldiz, Bilbon, Bizkaiko Emakumeen Asanbladak deituta. Informazioa zabaltzeko erakusmahaiak jarri zituzten eta batzar bat egin zuten, eta manifestazio bat abiatu zuten Santutxu auzoko kaleetan barrena. Manifestazioa poliziak desegin zuen.
2018ko martxoaren 8an, eta aurreko urteetan ibilitako bideari jarraituz, mugimendu feministak mundu mailako deialdia egin zuen, emakumeen diskriminazioa eta emakumeen aurkako tratu txarrak salatzeko protesta eta lanuzteak egiteko. Deialdi hark babes eta erantzun zabala izan zuen mundu osoan, baita Euskal Herrian ere; milaka herritarrek bat egin zuten mobilizazioekin, eta sindikatu eta alderdi politiko gehienen atxikimendua jaso zuen. Ondorengo urteetan ere greba- eta lanuzte-deialdiak egin dira —ez bakarrik Martxoaren 8an—, guztiak ere erantzun zabalekoak; horien bidez, bizitza erdigunean jarri da eta ordainik gabeko zaintza-lanak ikusarazi dira, eta zaintza-sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatu da.