BILDUMA HIZTEGIA

feminist strike (en)

Alorra: FEMINISMOA



Emakumeen nazioarteko greba, batez ere Emakumeen Nazioarteko Egunarekin lotzen dena.
Nazioarteko deiaren ideia 2016ko urriaren amaieran sortu zen, 50 herrialdetako baino gehiagotako emakumeen elkarteek bultzatuta, eta helburua zen molde guztietako indarkeria matxista (sexuala, soziala, kulturala, politikoa, ekonomikoa) ikusaraztea eta genero-desberdintasuna eta emakumeen aurkako zapalkuntza salatzea. Nazioarteko lehenengo greba 2017ko martxoaren 8an egin zen.
2018ko greba feministak mugarri bat ezarri zuen. 70 herrialdetako baino gehiagotako hainbat erakunde, kolektibo eta ekintzailek bultzatu zuten, tokian tokikoek zein maila nazionalekoek, eta 170 herrialdetara baino gehiagotara zabaldu zen.
Lehenbiziko aldiz, grebarako deia modu desberdinean egin zitzaien emakumeei eta gizonei. Hala, emakumeen parte-hartzea errazteko gonbidapena egin zitzaien gizonei; esate batera, emakumeek egin ohi dituzten zaintza-lanak beren gain hartuta.
Euskal Herrian, milaka pertsonak hartu zuten parte herri eta hirietan antolatutako lanuzte eta ekintzetan, eta hiriburuetako manifestazio jendetsuek oihartzun handia izan zuten komunikabideetan eta sare sozialetan, baita nazioartekoetan ere.
2019ko martxoaren 8an, greba feministak aurreko urteko arrakasta sendotu eta sakondu zuen, "Bizitzak erdigunera!" lelopean. Euskal Herrian, 24 orduko geldialdi historikoak lan-merkatu tradizionalaren mugak gainditu zituen, lau ardatz nagusi zehaztuta: enplegua, zaintza, kontsumoa eta hezkuntza-eremua. Mobilizazio horietan, bollera eta trans subjektuen izaera politiko eta estrategikoa ere aldarrikatu zen, heteropatriarkatuaren aurkako borrokaren erdigunean jarriz.
Pandemiaren osteko urteetan (2020-2022), nahiz eta osasun-krisiak mobilizazioen formak eta baldintzak mugatu zituen, Mugimendu Feministak zaintza-sistemaren arrakala sakonak eta emakumeenganako karga estrukturala mahaigaineratzen jarraitu zuen. Testuinguru horretan, zaintza-lanak gatazka politiko berritzat jotzeko eta egiturazko eraldaketa baten beharra azpimarratzeko oinarriak finkatu ziren.
Ibilbide horrekin jarraituz, 2023ko azaroaren 30ean Euskal Herriko lehenengo greba feminista orokorra egin zen, Denon Bizitzak Erdigunean herri-ekimenak deituta eta gehiengo sindikalaren zein zaintza-sektoreko eragileen babesarekin. Greba horrek norabide-aldaketa estrategiko bat ekarri zuen: zaintza-eskubide kolektiboaren aldeko eta zaintza-sistema publiko-komunitario bat eraikitzeko aldarrikapena ardatz hartuta, zaintza-lanak gatazka politiko eta sozialaren lehen lerrora eraman ziren.


Hiztegi-unitateak