BILDUMA HIZTEGIA

garde partagée (fr)

Gizarte-antolaketa eta harremanak



Gurasoak banantzean aukeran dauden bi zaintza-motetako bat. Zaintza-mota honetan, guraso bakoitzaren eta seme-alaben arteko bizikidetza-araubide bat ezartzen da, familia-egoeraren inguruabarretara egokitua, guraso biek beren eskubideak eta betebeharrak berdintasun-egoeran baliatu ahal izatea bermatzeko. Gurasoak banantzen direnean, bi zaintza-eredu ezar daitezke: zaintza partekatua eta guraso bakarreko zaintza. (Iturria: Kode Zibileko 92. artikulua)



Gurasoak banantzen direnean, bi zaintza-eredu ezar daitezke: zaintza partekatua, bata, eta guraso bakarreko zaintza, bestea. Lehenengo kasuan, bi gurasoek maila berean hartzen dute beren gain adingabeen ardura. Bigarren kasuan, ostera, guraso bakarra arduratzen da adingabeak zaintzeaz, eta bisita-araubide zehatz bat ezartzen zaio legezko zaintza ez daukan gurasoari. Zaintza-eredua bi gurasoen artean adostu daiteke, eta gero epaile batek berretsi behar du. Gurasoen artean adostasunik ez badago, epailea arduratuko da zaintza-eredua ezartzeaz.

Halakoetan, Euskal Autonomia Erkidegoan ekainaren 30eko 7/2015 legea hartu behar da kontuan: gurasoen artean adostasunik ez badago, epaileak zaintza partekatua emango du, baldin eta adingabearen interesen aurkakoa ez bada eta betiere legean ezarritako alderdiak kontuan hartuta.

Lege hori Kidetza elkarteak (Euskadiko Guraso Bananduen Federakuntza) 2011n Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako legegintzako herri-ekimen baten ondorioz garatu eta onartu zen, eta ekimen horrek gurasoen ardura partekatua lehenesteko eskatzen zuen. Mugimendu feminista lege horren aurka agertu zen, argudiatuz, besteak beste, gurasoak banandu aurretik umeen zaintzarekin lotutako lan-kargarik handiena emakumeen ardurapean egoten dela gehienetan. Horrez gain, feministek adierazi zuten lege horrek ez dituela lehenesten haurraren behar eta interesak eta, gainera, ez dituela aintzat hartzen harreman afektibo eta sexualei dagokienez haurrak izandako esperientzia eta gabeziak eta jasandako indarkeria-egoerak, ez eta horien guztien eraginez bizi izandakoak ere.

Nafarroako Foru Komunitatean, berriz, martxoaren 17ko 3/2011 Foru Legea hartu behar da kontuan. Horren arabera, gurasoen artean adostasunik ez badago, epaileak ebatziko du adingabeen zaintza-eredua.

Hiztegi-unitateak